Historia

1950ean Andima Ibiñagabeitia, Jokin Zaitegi, Jon Mirande, Federico Krutwig, Txomin Peillen eta beste batzuek PEN Euskal Bilkura izeneko erakundea jarri zuten martxan, PEN Club Vasco IDAZKORTZ izenarekin. Idazkari nagusia Manuel de la Sota zen eta Miarritzen zuen egoitza, Etcheperdia helbidean.

Andima Ibinagabeitiaren artikulua EUZKO-GOGOA aldizkarian

Eusko Jaurlaritzak Angel de Gondra zuen ordezkari Londresen eta, honi esker, bai eta Argentinan zeuden euskal idazleen eskaerari esker ere lortu zen Nazioarteko PEN Klubak onartzea Euskal Taldea Edinburgon burutu zen kongresuan.

Eusko Jaurlaritzak Parisetik egunero argitaratzen zuen Oficina de Prensa de Euzkadiko boletinean azaldu zenaren arabera, Euskal PEN Klubak Sociedad Internacional de Estudios Vascos-en eremuan arituko zen eta beraren egun ofiziala San Francisco Javierren egunean ezarri zuten, hau da, abenduaren 3an. Gaur egun abenduaren 3an ospatzen da Euskararen Nazioarteko Eguna. Idazkotz izeneko Euskal PEN KLuba bizitza laburreko ekimena izan zen, urtebete ingurukoa.

1987an berriz egin zen ahalegina, orduko hartan Euskal PEN Kluba izenaz, eta bizpahiru urteko bizialdia izan zuen. Garai hartan bi batzordetan hartu zuten parte euskal idazleek: Kartzelaraturik dauden Idazleen Batzordean eta Itzulpengintza eta Hizkuntz Eskubideen Batzordean. Baina ekimen hau ere bertan behera gelditu zen, egitura nahikorik sortzea lortu ez zelako.

2004an, euskal kulturak garai latzak bizi zen garaian, berriz ekin zitzaion Euskal PEN Kluba sortzeko ahaleginari, irauteko asmoz izan ere. 2004ko apirilaren 23an burutu zen Sortze-Batzarrean Zuzendaritza Batzordea hautatu zen, eta honela gelditu zen osatuta:


Ohorezko Lehendakaria: Txomin Peillen
Lehendakaria: Laura Mintegi
Lehendakari-ordea: Joxemari Iturralde
Idazkaria: Eider Rodriguez
Diruzaina: Lutxo Egia
Batzorde-kideak: Fito Rodriguez, Paddy Rekalde, Asier Serrano eta Teresa Toda

2004ko irailean Norvegian burutu zen International PENen urteko Batzarrean onartu zen Euskal PEN Kluba nazioarteko erakundean, Basque PEN izenaz. Ordura arte izena eman zuten egileak dira Euskal PEN Klubaren sortzaileak, baina ordutik aurrera ere, eta edozein unetan egin daiteke bazkidetzeko eskaera.


Une honetan, Euskal PENeko kideak hiru Programatan ari dira lanean: Idazle Presoen Batzordean, Itzulpena eta Hizkuntza Eskubideen Batzordean eta Emakume Idazleen Batzordean hain zuzen.

2006ko apirilean Zuzendaritza Batzordea berriztu egin zen, eta honela gelditu zen osatuta:

Ohorezko Lehendakaria: Txomin Peillen
Lehendakaria: Laura Mintegi
Lehendakari-ordea: Joxemari Iturralde
Idazkaria: Urtzi Urrutikoetxea
Diruzaina: Lutxo Egia
Batzorde-kideak: Karmele Jaio, Paddy Rekalde, Asier Serrano eta Teresa Toda

2008ko irailean Zuzendaritza Batzordea berriztu egin zen, eta honela gelditu zen osatuta:

Ohorezko Lehendakaria: Txomin Peillen
Lehendakaria: Laura Mintegi
Lehendakari-ordea: Urtzi Urrutikoetxea
Idazkaria: Hasier Rekondo
Diruzaina: Lutxo Egia
Batzorde-kideak: Asel Luzarraga, Asier Serrano, Kanko Ispizua eta Paul Bilbao.